Aspaldiko!
Bi aste inguru ezer idatzi barik egon ondoren, gaur kirola praktikatzearen onurez arituko natzaizue.
Jakina denez, ariketa fisikoa praktikatzeak pisua kontrolatzeko edota egoera fisiko onean egoteko balio du. Baina alderdi sozioemozionalean ere eragin positiboak izan ditzake.
Taldeko kirolen bitartez, beste pertsonekin harremanak edukitzeko aukera dago. Talde baten partaide sentitzeak eta beste pertsona batzuekin elkarlanean helburu komun bat lortzen saiatzeak sozializazioan, integrazioan eta autoestimuan oso ondorio positiboak ditu. Izan ere, beste pertsonentzako baliagarria den zerbait egiteko gai garela ikusteak gure buruarekin hobeto sentitzea eragiten digu.
Bakarkako kiroletan, berriz, autonomia eta autokonfiantza garatzen da batez ere. Norberak bere kabuz eta bere onerako lortzen ditu helburuak eta horrek bere buruarekin ondo sentitzea (edo autoestima igotzea) ekartzen du.
Laburbilduz, kirola egitea oso garrantzitsua da osasuntsu izateko kontzeptu horren esanahirik zabalenean, baina horrek ez du esan nahi obsesionatu egin behar garenik. Gauza guztiak bezala, bere neurrian ona izan daiteke, baina gehiegi praktikatzen bada kaltegarria izan daiteke.